HAUR AULKIAK ESKUALDEKO HIRI GARRAOIAN ERABILTZEARI BURUZKO KANPAINA
26/11/2015

HAUR AULKIAK ESKUALDEKO HIRI GARRAOIAN ERABILTZEARI BURUZKO KANPAINA

Informazio eta sentsibilizazio kanpaina bihar hasiko da, ostirala, azaroak 27, eta bi aste iraungo du.

Gaur goizean Iruñerriko Mankomunitatearen informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat aurkeztu da; hain zuzen, Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuan haur aulkiekin ibiltzen diren erabiltzaileei zuzendutakoa. Kanpaina aurkezteko ekitaldian, Aritz Ayesa Mankomunitateko lehendakariak, Jesús Velasco Mankomunitateko Garraio Arloko arduradunak eta Ramón Palau Transports Ciutat Comptal enpresako kudeatzaileak esku hartu dute.

PDF

Aritz Ayesak azaldu duenez, kanpaina ostiral honetan abiaraziko da eta bi asteko iraupena izango du. Zehazki, bi helburu nagusi hauetan jartzen du arreta kanpainak: erabiltzaile txikienen segurtasuna hobetzea eta zerbitzuaren erabiltzaile guztien arteko bizikidetza laguntzea.

Segurtasunarekin lotuta, Ayesak nabarmendu du “prebentzio kanpaina bat” dela eta ez dela sortu “arazo bati irtenbidea emateko, baina, era berean, pertsona askoren ezinegona konpontzen du: erabiltzaileak, TCC enpresako langileak eta Mankomunitateko teknikariak”.

Bizikidetza hobetzeko helburuari dagokionez, Mankomunitateko lehendakariak gogora ekarri du haur aulkien eta gurpildun aulkien artean dagoen lehentasun harremana: “Erreserbatuta edo gordeta dauden tokiak erabiltzeko, lehentasuna dute dibertsitate funtzionaleko aulkiek, haur aulkien aurrean”. Beste alde batetik, adierazi du mugikortasun murriztuko pertsonentzat, haurdunentzat eta besoetan haurrak daramatzaten pertsonentzat gordeta dauden eserlekuek duten garrantzia. Izan ere, pertsona horiek lehentasuna dute eserleku horiek erabiltzean.

Alde horretatik, Jesús Velascok txikien segurtasuna bermatzeko arau zehatzak aipatu ditu: uhala jarri behar zaie lotuta joateko, aulkiari segurtasun balazta sakatu behar zaio eta helduak eutsi egin behar dio haur aulkiari. Horrez gain, haur aulkiek aurretik sartu behar dute, herritar gehienek bezala; dena den, tamainarengatik ezin badira handik sartu, salbuespen moduan, erdiko atetik sar daitezke, gurpildun aulkiak bezala.

ESKUPAPERAK, GUTUNAK ETA INFORMAZIO ESEKIGAILUAK
Aurkezpenean, era berean, nabarmendu da kanpaina zuzenduta dagoela haur aulkiekin bidaiatzen duten erabiltzaileei, baina baita Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuan sartuta dauden udalei eta haur eskolei ere. Garraioko lineen kasuan, arreta berezia jarriko da, euren ezaugarri soziologikoengatik, haur aulkiekin bidaiatzen duten erabiltzaileen kopuru handiena dutenetan: Sarriguren (18. linea), Artiberri (17. linea), Erripagaña (18., 19., 20. eta 23. lineak) eta Buztintxuri (8. linea).

Kanpainak iraun bitartean, monitoreek informazio pertsonalizatua emango dute EHGaren geralekuetan, batez ere lehenago aipatutako auzoetan eta erabilera handiko beste batzuetan (Merindadeen plaza, Vianako Printzearen plaza, Sarasate pasealekua, Taconera kalea eta Nafarroa Behereko etorbidea, 14). Gainera, eskupaperak eta kartelak banatuko dira haur eskoletan eta osasun etxeetan, eta informazioa emateko esekigailuak edo pertxak kokatuko dira autobusen linea guztietan. Beste alde batetik, informazioa emateko gutunak bidaliko zaizkie Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuan sartuta dauden 18 udaletako udaltzaingoei eta haurtzaindegiei. Horrez gain, Mankomunitatea harremanetan jarri da udalekin eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin.

Amaitzeko, TCC enpresako kudeatzaileak, Ramón Palauk, adierazi du kanpainak balio behar duela “pertsonak sentsibilizatzeko” eta garrantzitsua dela “erabiltzaile guztiek jakitea nola jokatu behar den haur aulki bat autobusean sartzen den unean”. Azkenean, hau nabarmendu du: “TCC enpresarako bidaiarien segurtasuna, eta, bereziki, haurrena, lehentasuna da. Hori dela-eta, gertakariei aurrea hartzeko eta adingabeen segurtasuna bermatzeko lan egitea betebeharra da”.