04/07/2023

JATORRI BERRIZTAGARRIKO GASAK PROPULTSATUTAKO SEI BILLABESA BERRI SARTU DIRA ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN FLOTAN

Gasolioa erabiltzen duen motorra daukaten autobusak progresiboki ordezten jarraitzen du Mankomunitateak 
 
Eskualdeko Hiri Garraioak sei autobus hibrido berri sartu ditu gaur bere flotan, gasa eta elektrizitatea baliatzen duten motorrak dituztenak, eta jatorri berriztagarriko bermea duen gas natural konprimatuak propultsatzen dituenak. Autobus horiek, hain zuzen, duela urte bat Eskualdeko Hiri Garraioaren garajeetan billabesen flota gas naturalez hornitzeko kokatu zen gas-hornitegiaren instalazioa baliatuko dute.

Gasolioa erabiltzen duten ibilgailuak ordeztea

Gaur aurkeztu diren sei autobus horiek Man etxekoak dira, Lion’s City 19G Efficient Hybrid modelokoak. 18 metroko luzera dute eta 180 plaza (haietako 35 eserita joateko). Gogora ekarri behar da joan den urteko uztailean gas natural konprimatua erabiltzen duten lehen 13 ibilgailuak sartu zirela flotan, 2021ean EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. plana onartu zuenetik IMk, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko. Ondorioz, IMk ez du sartuko flotan gasolio bidezko autobus gehiagorik eta Hiri Garraioaren flotan erregai hori erabiltzeari utziko dio progresiboki. Aipatu behar da gasolioa izan dela billabesak propultsatzeko etengabe erabili den erregaia zerbitzu hau 1929an abian jarri zenetik, duela 90 urte baino gehiago.

Gasolioa erabiltzeari uzteak eta jatorri berriztagarriko gasak mugiarazitako autobus berriak sartzeak flotan helburu bikoitza du: alde batetik, billabesa berriak “ibilgailu garbiak” dira, hiriko airearen kalitateari kalterik egiten ez diotenak, Iruñeko Isurpen Baxuko Eremuaren mugaketari aurrea hartuta; eta, bestetik, “neutroak dira karbonoari dagokionez”, jatorri berriztagarriko bermea duen gasa erabiltzean sarean injektatutako biometano-bolumenaren berdina den erregai baliokidea kontsumitzen baita. Pauso garrantzitsu hau emanda, ‘2030ean karbonoari dagokionez neutroa’ izateko duen helburu orokorrerantz doa Mankomunitatea; zehazki, autobusetako erregai gisa jatorri berriztagarriko gasa erabiltzen duen Estatuko lehen toki-erakundea izanda.

2014an bere zerbitzuen karbono-aztarna neurtzen eta zertifikatzen hasi zenetik Mankomunitatea, aztarna horrek Eskualdeko Hiri Garraioan duen inpaktua %16,7 gutxitu da 2022. urtea bitartean (14.291,4 tCO2baliokidetik 11.900,1 tCO2baliokidera).

renov23

Ekonomia zirkularra. Hiri-hondakinek autobusak mugiaraziko dituzte

Gainera, hurrengo urteetan, Mankomunitateak bere biometanoa sortuko du, bai Arazuriko lohietatik abiatuta, bai eta Imarkoaingo Ingurumen Zentro berrian hiri-hondakinetako gai organikoen tratamendutik abiatuta ere. Proiektu hau tokiko mailako ekonomia zirkularreko politiken barnean dago, Iruñerriko hondakinetan jatorria duen biometano hori Mankomunitatearen ibilgailu astunen flotetarako erregaia izan dadin: EHGko autobusak, zaborrak biltzeko kamioiak eta Uraren Ziklo Integraleko mantentze-lanetarako ibilgailuak.

Behin proiektu hau amaitu denean, hondakin organiko guztiak autobusen eta hondakinen kamioien flotak mugiarazteko oinarri energetikoa izango dira, nekazaritzako helburuetarako konposta egin aurretik.

Gasez hornitzeko instalazioa

Lehenago adierazi den moduan, duela urte bat garajeen kanpoaldeko zelaian gas-hornitegiaren instalazioa kokatu zen, gas natural konprimatuak propultsatutako autobus berriak hornitzeko bidea ematen duena.

Sistemak Nedgiaren saretik lortzen du gasa eta presioa egonkortzen du, konpresoreen bidez 250 barretaraino igoarazi aurretik. Gero, gasa metatze-gune batera banatzen da. Autobusen karga presio-diferentziagatik egiten da. Gasez hornitzeko bi puntu daude: bata depositua betetzeko gunean dago, kanpoaldeko zelaian; eta beste gas-hornigailua autobusak aparkatzeko nabearen sarreraren ondoan dago. Konpresoreak eta laguntza-zerbitzuak elikatzeko transformazio elektrikoko zentro berria ere egin zen, 1.000 kVA-koa, ibilgailu elektrikoen kargagailuetarako etorkizunean instalazio bat egiteko linea-gelaxka bat utzita erreserba moduan.

Gasak propultsatutako autobus berriak

Gaur aurkeztutako sei autobus berriek 235 CV-ko motorrak dauzkate, airea arazteko ekipoak dituzte eta segurtasuneko bideokamerak. Ibilgailu berri horiek, gainera, gurpil-aulkiak igotzeko eta jaisteko arrapala bikoitz egokia dute (eskuzkoa + elektrikoa), CERMIN batzordeak egiaztatua.

Ibilgailu hauen erosketa 2022ko irailean esleitu zen. Autobus bakoitzak 445.000,00 euroko kostua izan du (BEZik gabe), eta, hortaz, ibilgailu guztien kostua 2.670.000,00 eurokoa izan da (BEZik gabe).

159 ibilgailuko flota, 7,34 urteko batez besteko adinarekin

Ibilgailu berri hauek sartu dira jada flotan eta sanferminen ondoren sei zaharrenak kenduko dira. Hortaz, EHGaren flotak 159 ibilgailu izaten jarraituko du, eta haien batez besteko adina 7,34 urtekoa izango da. Flota osoan, 62 ibilgailu artikulatuak dira (18 metrokoak), 95 12 metrokoak eta 2 10 metrokoak. Bestalde, aipatu behar da ibilgailu berri hauek Eskualdeko Hiri Garraioan sartuta 66 ibilgailu hibridoak direla, 6 elektrikoak eta 19 jatorri berriztagarriko gasak propultsatutakoak, eta, horrenbestez, flotako ibilgailuen %57 ingurumenari dagokionez eraginkorrak diren ibilgailuak dira.